Larrialdian, gertuko laguntza

Inprimatzeko egokitutako bertsioa

argazkiagipuzkoa.hitza.info.- Muturreko egoera batean dagoenak baino ez daki buru barrutik zer pasatzen zaion. Nora joan, norekin hitz egin, nori eskatu, zer eskatu? Galdera horiek argitzen laguntzeko abian da Erletxea, Bidasoko gizarte mugimenduetako boluntarioek Irungo Kale Nagusian ireki duten informazio gunea. Urtarrilaren 20an abiatu zuten, astelehen goizero han izaten dira, eta, dagoeneko, 40 pertsonari baino gehiagori lagundu diete.

Krisiarekin estu eta larri dauden familiak ugaritu egin dira, eta erakundeek ahalegin handiak egiten dituzte zeregin horretarako baliatzen dituzten aurrekontuak ez murrizteko. Baina urtetik urtera zailtzen dira onuradun izateko irizpideak, eta, askotan, erakundeetara laguntza eske jotzen duena haietara joandakoan baino zalantza gehiagorekin ateratzen da gizarte zerbitzuetatik.

Mugimendu sozialetan eskarmentu handia duten pertsonak daude Erletxea egitasmoaren atzean: Lakaxita gaztetxean, komunikabide alternatiboetan eta Stop Kaleratzeak taldean dabiltzanak, besteak beste. Bibi Liras eragilearen ustez, hori eskertzen dute informazio eske doazenek: "Batzuek laguntza horiek jasotzen ditugu, eta gure parean esertzen direnen berdinak gara. Horregatik, gurekin konfiantza dute, gertu gaudela sentitzen dute". Marianok, Erletxea guneko beste boluntario batek, gizarte mugimenduetan duten eskarmentua nabarmendu du: "Bereizten gaituen gauza bakarra ezagutza da, denbora asko eman dugulako gizarte mugimenduetan, eta ezagutza hori badugu beraiekin partekatzeko. Ez dugu makila magikorik, ez dugu arazo guztientzako konponbiderik, baina ez diegu ezer eskatzen, eta behar duten informazio guztia ematen diegu". Marianok ere jasotzen du laguntza, eta, "horregatik", ez du argazkian atera nahi izan, ezta abizenik esan ere.

Finean, gizarte laguntzak jasotzeko baldintzen gainean sorturiko zalantzak argitzen dituzte Erletxean, Marianok azaldu bezala: "Diru laguntzak eskaintzeko irizpideak drakoniarrak dira, diru laguntzarik ez jasotzeko zirrikitu pila bat daude, batez ere bizi zaren unitateari dagozkionak. Etxerik gabe geratzen direnak etxera itzultzen dira, gurasoengana, edo anai-arreba batengana, baina dena hartzen da kontuan kalkulurako: gurasoek pentsioa jasotzen badute edo etxeko gela bat utzi dizun anaiak lanpostua badu, hori nahikoa da larrialdiko laguntzarik ez jasotzeko. Horregatik, etxea galduta ere, gurasoen edo familiaren babesari uko egin behar diote familia askok".

Urtebete zain

Kexu ageri da Mariano, gizarte laguntzak jasotzeko ez delako erraza banako unitatea izatea: "Oraintxe, hori bete ahal izatea korapilatsua da. Zure etxean bizi behar duzu, edo alokairuan, familiarik gabe. Eta Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak jaso aurretik, zure eskaera tramitatzeko, urtebete eman behar duzu leku batean erroldatuta, eta aldundiak ematen dituenak jasotzeko sei hilabete". Horrek kanpoan uzten ditu, esaterako, etxea galdu eta beste etxe batean erroldatu behar direnak. Hala, beste nonbait erroldatu behar izanez gero, non eta nola egiten den oso garrantzitsua da, laguntzak ez galtzeko. "Egoera bakoitza banaka begiratu behar da, eta horixe egiten dugu hemen, etortzen direnen zalantzak banaka aztertu, eta, gauzak argi ez daudenean, kasu bakoitzari komeni zaion irtenbidea proposatu", argitu du.

Hilabete eta erdian 40tik gora lagun eseri dira Erletxea guneko boluntarioekin, duten egoera zailaz mintzatzeko. "Eta eskertuta joaten dira denak, behar duten informazioa eman diegulako eta duten egoera kontuan izanda tratatu ditugulako, arazo jakin bat duten pertsonen moduan, eta ez zenbaki bat balira bezala", gehitu du Lirasek.

Horregatik, egoera berean daudenei haiengana joateko eskatu die Marianok, "ez dezatela itxaron haien egoera muturreraino iritsi arte", eta gizarte laguntzak jasotzea eskubidea dela nabarmendu du, ez karitatea: "Bizitzea, bizirik irautea, eskubidea da. Aberastasuna soldatapeko lanaren bidez banatzen dela? Eta zer gertatzen da soldatapeko lanpostu horiek ez badaude. Gizarte laguntza behar da orduan, eta horiek eskatzeko eskubidea dugu, hori azaltzen diegu datozenei, ez direla karitatea eskatzen ari, eskubide bat baizik".

Erletxea guneko boluntarioek antzeman dutenez, informazio eske joaten zaizkienak "langabeak dira, lanik gabe geratutakoak. Badira etxerik gabe geratu direnak ere, baina batez ere lanik eta diru sarrerarik ez dutenak. Lan egin nahi dute, laguntzak eskatzen dituzte lanik ez dutelako, baina nahiago lukete lanean egon laguntzak jasotzen baino. Hipoteka ordaintzeko, jateko, horretarako dira laguntzak, gehienez horretarako iristen dira".

Ez lanik, ezta etxerik, ezta laguntzarik. Horietatik ezer ez dute banatzen Irungo Kale Nagusiko Erletxean. Informazioa da eskaintzen duten bakarra, baina hori asko da ezer gabe dagoenarentzat. Berotasuna jasotzen dute, antzeko egoeran dagoen pertsona baten gomendioa, zalantzei erantzuna, galdera gehiagorik ez.