bidasoa.hitza.eus.- DSBE hilaren hasieran banatuko dute eta Lanbidek eta Ertzaintzak milaka etxetan sar daitezkeela “agindu judizialik eta lege-babesik gabe” ohartarazi dute.
Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen DSBE diru sartzea hilaren 10ean egingo dela, orain artean hilaren 29an izaten zenean. Egun, azken diru sartzea abenduaren 29an izan zen eta otsailaren 10 bitarte ez dutela dirurik jasoko salatu dute Erletxek eta Berri Otxoak plataformak.
Erabaki hau ez zaiela esplizituki jasotzaileei adierazi dute, kontuan hartuta 55.000 familia egongo direla EAEn hilabete eta erdiz diru sarrerarik gabe. “55.000 familia prestazio sozialik gabe uztea hilabete eta erdiz Lanbideren barne aldaketengatik agerian uzten du bere jarrera eta apustua euskal famili prekarizatu eta pobretuen eskubideak murrizteko”.
Bizikidetza-unitatea osatzen ez duten beste pertsona batzuekin etxebizitza partekatzen bada, dagokion DSBEaren gaineko beheranzko % 15eko indize zuzentzailea aplikatuko dela gaineratu dute.
Murrizketez gain, Eusko Jaurlaritzak pobrezia kriminalizatzeko apustu nabarmena egin duela arbuiatu dute, 15 pertsona Lanbideko Kontrol Unitatean sartuz.
Horrez gain, Ertzaintzarekiko lankidetza-hitzarmena berritu zela urriaren 10ean esan dute, eta horrek esan nahi du “agindu judizialik eta lege-babesik gabe” Lanbidek eta Ertzaintzak milaka etxetan sar daitezkeela, “gauzak, armairuak, hozkailuak edo bainugelak fiskalizatzeko animoarekin”.
Praktika horren arabera, “iruzurrerako joera” izango dutela pobretutako milaka etxek ohartarazi dute, Eusko Jaurlaritzaren beraren benetako datuek “iruzurra” % 0,5 ere ez dela iristen adierazten dutenean.
Egungo krisi ekonomiko eta soziosanitarioarekin bat datorren gizarte- eta aurrekontu-politika eskatzen dute Erletxek eta Berri Otxoak plataformak, baita murrizketak eta kriminalizazioa berehala gelditzea ere. Azkenik, berdinen Oinarrizko Errentaren lehen fasea ezartzearen aldeko apustua egiten duela nabarmendu dute.