Bost emakume, horietako bat haurdun, eta ume bat kalean lo egitera behartu dituzte, trantsitoan dauden pertsonentzako aterperako sarrera ukatu ostean

Reunión Irungo Harrera Sarea/Red Apoyo de IrunTrantsitoan dauden pertsonak lagundu ahal izateko eta informazio teknikoa ezagutzeko, ezinbestekoa da Irungo Udalarekin komunikazio zuzena eta erraza.

Pasa den abuztuaren 26tik 27rako gauean bost emakumeri (horietako bat haurdun) eta ume bati ukatu egin zitzaien trantsitoan dauden pertsona migranteentzako Irungo behin-behineko aterperako sarrera. Eskaini zieten aukera bakarra Bilbora itzultzea izan zen, eta hala nahi izan ezean, Gurutze Gorriak kudeatutako eta Erakunde arteko Mahaiak finantzatutako bitartekoak erabiltzeari borondatezko uko egitea sinatu behar zuten. Bi emakumek atzera Bilbora itzultzea onartu zuten. Jakin dugunez, lineako autobusa hartu zuten eta goizeko ordubietan Bilbora iristean inork ez zituen jaso eta ez zekiten nora jo. Ondorioz, kalean, lorategi batzuetan egin zuten lo. Gainontzeko hiru emakumeek, haietako bat ume batekin, Bilbora bidaiatzeari uko egin zioten eta kalean gelditu dira.

Gurutze Gorriak bost emakume hauei azaldu zien aterpeak ez dituela beharrezko baldintzak betetzen emakumeak eta adin txikikoak, hau da, gizatalde zaurgarriena, modu egokian artatzeko (gertaera hau orain arte ez da eman, horregatik, ildoa edo norabidea aldatu dela ulertzen dugu).

Gertaera hauen aurrean, honakoa nabarmendu nahi dugu:

Egia da trantsitoan dauden emakumeek, umeek eta adin txikikoek arrisku gehiago jasaten dituztela, modu klandestinoan bidaiatu beharraren ondorioz, gehiegikeria eta abusuak pairatzen dituztelako eta ez dutelako bisa eskuratzeko aukera modu seguruagoan eta konbentzionalagoan bidaiatu ahal izateko. Baina Gurutze Gorriak hartutako neurria erabat desegokia dela uste dugu, eta oinarrizko beharrei erantzuteko bitartekoa ukatzeak, dauden egoera prekarioan egonda, areagotu egiten du haien zaurgarritasuna. Beste behin ere, kudeaketa pribatuak zaurgarritasunaren areagotzea dakar, modu egokian artatuak izan daitezkeen arren. Noski, beti ere bitartekoak zentzuz kudeatuko balira, eta hauen erabilera eraginkorra egingo balitz, trantsitoan dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko. Horren ordez, diru-xahutzea eta bitartekoen erabilera okerra nagusitzen dira.

Bestalde, bidean atzera egitearen edo bitartekoei uko egitearen artean aukeratu behar izanak ez dirudi egokiena, bereziki laguntza humanitarioa eta soziala eskaintzen jarduten duen erakunde baten eskutik. Izan ere, pertsona hauek, gehienetan, desorientatuta eta egoera prekarioan iristen dira, eta bidaian aurrera egitea da haien helburu bakarra.

Horrez gain, hasieratik salatu dugun moduan, Lekaeneako instalazioa behin-behinekoz prestatu zenetik, irailaren 1era arte, orduan hasiko baita ikasturtea, ohe hutsak uzten dituzte eta bitartean, hainbat pertsona kalean lo egiten. Gainera, duela egun batzuk, Lekaenean lo egiten ez dutenei jateko aukera ere ukatu diete. Ulertezina iruditzen zaigu prestatuta eta ordainduta dauden errekurtsoen erabilera eza edota janaria zaborretara botatzea, eta noski, horrek suposatzen duen diru-xahutzea.

Gainera, aipatutako instalazioa otorduetarako eta lo egiteko irekitzen da, beraz, autonomia erkidegoko hainbat txokotatik nahiz penintsulako hegoaldetik Irunera iristen ari diren pertsonek ez dute nora jo, ez dute uneoro erreferentziazko tokirik ez badira ordu zehatz horietan iristen. Izan ere, 23:00etatik aurrera ez dute inor hartzen, eta 08:00etan bertan lo egin dutenentzat itxi egiten da.

Horregatik guztiagatik, Harrera Sareak, modu prekarioan, eguneko egonaldirako Lakaxita erabili behar izan du. Eta era berean, hau bilakatu da Lekaeneako instalazioetan ezarritako orduetan hartuak izan arteko itxaroteko gune.

Azken batean, trantsitoan dauden pertsonek ez dute behar bezalako arreta jasotzen euskal erakundeen aldetik. Gure ustez, egoera honek ezin du horrela jarraitu.

Ondorioz, honakoa eskatzen dugu:

  1. Irailaren 1aren ondoren, beharrezko baldintza egokiak dituen beste lekuren bat prestatzea, trantsitoan Irundik pasatzen diren edo dagoeneko bertan dauden 60 pertsona baino gehiagorentzat, gizon nahiz emakume, hau da, toki bat lo egiteko, dutxatzeko eta steko egun guztietan jan ahal izateko. Horrek gizon eta emakumeen beharren arreta integrala dakar berekin.
  2. Irungo Udalarekin elkarrizketa edo komunikazio zuzena eta erraza, bera baita gertuen dugun erakundea, eta erakunde publikoek ez uztea harrera eta betebeharrak soilik Gurutze Gorriaren eskuetan. Gaur gaurkoz Sarearekin egoera konkretu eta zehatzetarako du soilik hartu-emana Udalak. Akatsa iruditzen zaigu toki-erakundeak Harrera Sarea ez baliatzea, optimizatzea eta aitortzea, are gehiago udaletxetik zabaldutako ohiko diskurtsoak bereziki hiritarren parte hartzea azpimarratzen duenean.

Bitartean, Irungo Harrera Sarean lan egiten jarraituko dugu eta erakundeei dagozkien egitekoak kontrolatzen, hots, pertsona hauei harrera duina eta integrala erraztea.

Era berean, trantsitoan dauden nazioarteko pertson guztiei laguntza eta informazioa ematen jarraituko dugu, eta Irun hiri solidarioa eta harrera hiria egin nahi duen oro gonbidatzen dugu gurekin lanean aritzera.

Laguntza eskaini nahi duenak honela egin dezake:

  • Diru-ekarpenen bidez, Laboral Kutxako hurrengo kontu korrontean: ES17 3035 0059 8905 9011 4903
  • Lakaxitan kudeatzen ari diren informazio eta laguntza txandaren baten bidez
  • 40-43 neurri arteko zapatak eta mutilentzako 36tik 40 arteko galtzak, Kale Nagusiko 14an dagoen lokalera eramanez, asteartetan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara.

Irungo Harrera Sarea maila partikularrean batzen diren pertsonek eta honako herri-mugimendu eta giza eskubideetako erakundeek osatzen dute: Adiskidetuak, Amnesty International, Erletxea, Helduak, Hotz, Lakaxita Gaztetxea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Stop Deshaucios, SOS Arrazakeria, Zero Pobrezia.

Etiketak: