Inicio » Artikulu » 2018 07 09 » Irungo Harrera Sareak harrera-neurri berrien balorazioa eta sarearen balantzea egiten ditu

Irungo Harrera Sareak harrera-neurri berrien balorazioa eta sarearen balantzea egiten ditu

Inprimatzeko egokitutako bertsioa

Martindozenean agertutako pintada arrazistak direla eta, udalari eskatzen diote egilea nor izan den iker dezala eta eraso arrazista honen aurrean neurri egokiak aplika ditzala.

Martindozenea migratzaileentzako harrera-aterpe moduan irekitzea guztiz positiboa dela uste dugu, bitarteko egokiena dela iruditzen zaigu eta hala adierazi dugu hasieratik.

Bestalde, harrera duina eta integrala lortzeko, bete beharrezko alderdiak azpimarratu nahi ditugu:

    Egonaldia. Gehienez 5 eguneko egonaldia mantentzen da, baina pertsona hauek ezin dute haien bidean aurrera egin itzultze sistematikoak direla eta, horietako asko polizia frantsesak egindako itzultze ilegalak. Oraindik ohe hutsak daude eta, bitartean, migratzaileak kalean lotan. Honek harrerara zuzendutako bitarteko publikoen xahutzea dakar. Hori dela eta, Lakaxita Gaztetxean 15 bat pertsonek egite dute lo, modu prekarioan, toldo baten azpian.

    Eguneko Etxea. Migratzaileak egoteko eguneko etxe baten beharra dago, batez ere adin txikikoentzat eta emakumeentzat. Bitartekoen erabilera soilik bazkaltzeko eta lo egiteko denez, eguneko zatirik handiena kalean ematen dute. Ondorioz, Lakaxita bihurtu da inprobisatutako    eguneko    gune.

    Zaurgarritasun egoeran daudenak. Emakume, adin txikiko eta gaixoen premiei erantzutea ezinbestekoa da. Iristen direnen artean aitortu edo onartzen ez diren adin txikikoak daude eta, hala, babesik gabe gelditzen dira. Horrez gain, gaixo dauden pertsonen problematikei erantzuteko bideratze sistema bat falta da. Gaixoak artatuak izaten dira, baina ez diete segimendu integralik egiten, ondorioz, Harrera Sareko pertsonek egin behar dute.

Bide batez, gogoratu nahiko genuke harrerak barne hartu behar duela bertan, gure artean, gelditu nahi duen pertsona oro, ezin zaie baztertu.

Martindozeneako pintada arrazistak
Lehenik eta behin, Martindozenean agerturtako pintada arrazistak gogor salatu nahi ditugu. Gainera, haien egilea nor den Iker dezala eskatzen diogu udalari eta eraso arrazista honen aurrean neurri egokiak aplika ditzala. Sarearen lanak agerian uzten du asko garela arrazismorik gabeko gizartearen alde gaudenak eta harrera egiteko prest gaudenak. Erakundeei ildo beretik erantzun dezaten eskatzen diegu. Migratzaileak ez dira mehatxua, aukera baizik.

Egindako lanaren balorazioa eta Harrera Sarearen aurkezpena
Irungo Harrera Sareak uztailaren 27tik hona 750 otordu baino gehiago eskaini die harrera-dispositibo ofizialetik kanpo gelditu diren pertsonei. Era berean, irundarrek emandako arropak jaso eta banatu die hiritik pasa diren pertsona migratzaileei, harrera sistemak ez baitu behar hori asetzen. Gainera, gaixoak laguntzeko boluntario taldea ere sortu da. Ordutik sarean geroz eta jende gehiagok hartzen du parte, gaur gaurkoz 150 pertsonek osatzen dute, eta datu horri erantsi behar diogu noizean behin era puntualean edo zeharka lagundu dutenak. Belaunaldiarteko sarea da, anitza eta askotarikoa, 20 urte dituztenetik erretiroa hartu dutenera arteko pertsonek osatua, %95a emakumezkoak. Helburua migratzaileak laguntzea da eta horretarako, erakundeei dagozkien eginbeharrak monitorizatzen eta aurrera eramaten laguntzea.

Maila partikularrean bildutako pertsonek eta gizarte eta giza eskubideetako erakundeek osatutako hiritarren indarra azpimarratu nahi dugu, erakundeentzat guztiz baliotsua eta probetxugarria baita harrera efikazagoa eta eraginkorragoa egiteko. Sarea hasieratik laguntzeko prest agertu da eta erakundeak ere hala egitera gonbidatzen ditugu.

Sareak ez du asistentziazkoa izan nahi. Egiten duen lana erakundeek haien eginbeharrak betetzen ez dituztelako da, eta noski, jendea egoera zaurgarrian ez uzteko. Lan horretarako hainbat talde osatu dira: Hasierako harrera, informazioa eta migratzaileen bideratzea; Arropa; Sukaldea; Ospitalea; Hizkuntza klaseak…

Modu batean edo bestean lagundu nahi duen oro Facebook bidez jar daiteke gurekin harremanetan: Irungo Harrera Sarea/Red de Apoyo de Irun.

Gure hurrengo komunikatua desegin garela esateko izatea gustatuko litzaiguke, horrek esan nahiko bailuke gure lana ez dela beharrezkoa.

Irungo Harrera Sarea- Red de Apoyo de Irun

Etiketak: